Press ← and → on your keyboard to move between
letters
Kaixo, etorkizuneko ni,
Une honetan Magisteritzako Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikaslea naiz. Nire burua deskribatzerakoan, langile, arduratsu eta soziala naizela esango nuke, baina horrekin batera, badaude beste ñabardura batzuk ere. Alaia naiz, sortzailea eta ekimena hartzeko prest dagoen pertsona, beti taldean giro positiboa sortzen saiatzen dena. Gainera, nire ingurua aberastea gustatzen zait, irudimena erabiliz ekarpen txikiak eginez eta ingurukoekin konfiantzazko harremanak eraikiz. Hori guztia konpromisoan eta elkarlanean oinarritzen da, nire egunerokoan ezinbesteko bihurtu zaizkidan balioetan.
Atzera begira, 1. mailako esperientzia oso aberatsa izan zen. Norberaren Garapena irakasgaian eginiko bideak berebiziko garrantzia izan zuen, izan ere, barrura begiratzeko eta nire indarguneak zein hobetzeko arloak identifikatzeko aukera eman zidan. Perfekzionismoak eragiten dizkidan tentsioak kudeatzen ikasi nuen, eta horrek heldutasun pertsonala ekarri dit. Aldi berean, nire izaera enpatikoak eta alaikeriak lagundu zidaten harreman sendoak eta osasuntsuak sortzen. Hori guztia ez zen erraza izan, estres momentuak, azken momentuko presak eta ingurukoen konpromiso faltak ere presente egon baitziren, baina erronka horiek guztiak ikaskuntza bilakatu ziren.
Ondoren, uda iritsi zen, eta atseden hartu eta energia berritzeko aukera izan nuen. Lagunekin eta familiarekin egon naiz, Antzuolan plan ugari eginez, eta abuztuko azken asteetan Malagan eman nuen denbora bereziki baliotsua izan zen. Itsasertzak eta kostaldeko lasaitasunak arazo guztietatik aldentzen lagundu zidaten, eta, familiarekin batera, konexio eta intimitate momentu bereziak sortu ziren. Uda, beraz, hausnarketarako, gozatzeko eta kurtso berria indar berriekin hasteko garaia izan da.
Orain, nire bizitzan nagoen uneari begiratuta, hainbat alderdi kontuan hartu ditzaket. Fisikoki, kirolarekiko interesa bizirik mantentzen dut eta badakit mugimenduak ez didala soilik gorputza zaintzen laguntzen, baita burua argiago mantentzen ere. Mentalki, gogorrak izan diren pasarte batzuk bizi izan ditut, eta horrek batzuetan nekezagoa egin dit animoa eta fokua mantentzea; hala ere, ikasi dut egoera horiek aitortzea eta laguntza eskatzea ez dela ahulezia, baizik eta sendotasunaren adierazle. Emozioei dagokienez, nire sentimenduak adieraztea oraindik ez zait erraza egiten, baina gero eta gehiago saiatzen naiz konfiantzazko giroetan partekatzen, eta horrek nire oreka emozionala sendotzen duela uste dut.
Nire harremanek ere pisu handia dute bidean. Familia nire oinarri sendoa da, babes eta segurtasun iturri konstantea. Lagunek, kuadrilakoek zein aparteko lagunek, bizitasuna eta konfiantza ematen dizkidate, eta unibertsitateak ikaskuntza eta hazkunde pertsonalerako aukera paregabeak eman dizkit. Gimnasia erritmikoko irakaslea naizen momentutik, lana eta ikasketak uztartzeak erronka berriak sortzen dizkit, baina horrek nire antolaketa gaitasuna indartzen laguntzen dit. Harreman hauek guztiek nire ezaugarri pertsonalak islatzen dituzte: konpromisoa, ardura eta enpatia.
Etorkizunera begira, badakit ikasturte honetan nire erronka nagusiak autoexijentzia gehiegia askatzea, pazientzia lantzea eta emozioak hobeto kudeatzea izango direla. Aldi berean, sortzaile izaten jarraitu nahi dut, nire ikaskideei eta irakasleei ekarpen berritzaileak egiteko, eta nire buruarekiko konfiantza sendotu nahi dut autonomia handiagoaren bidez.
Helburu horiek betetzeko, badakit zenbait erraztatzaile izango ditudala bidean. Nire ingurukoen babesa ezinbestekoa izango da: familia, lagunak eta ikaskideak nire alboan sentitzea indargarria da. Horrez gain, nire izaera langilea, ekimena hartzeko prestutasuna eta jarrera baikorra izango dira nire garapenaren motor nagusiak. Hala ere, badakit oztopoak ere egongo direla; nire perfekzionismoak estresa sortzen jarrai dezake, eta autoexijentzia handiak neke emozionala ekar dezake. Batzuetan, ingurukoen konpromiso faltak ere frustrazioa sor dezakete. Horregatik, malgutasuna eta lasaitasuna lantzen saiatuko naiz egunero.
Nire bideak ez du zertan perfektua izan, badakidalako ez dela bizitza perfekturik existitzen, baina aurrera egiteko bidea badakit zein den. Egutegi eta antolaketa tresnak erabiliko ditut, emozioak idatziz eta partekatuz landuko ditut, eta atsedenaldi osasuntsuak bilatuko ditut. Helburu txikiak jarriz eta aurrerapenak ospatuz, motibazioa mantenduko dut. Porrotak ere ikaskuntza bihurtuko dira, eta horrela hazi egingo naiz.
Ikasturte honetarako amets nagusia nire ikasketa erritmoa hobeto kudeatzea, irakasle izango naizen honetarako lanbideari begira tresna berriak ikasten saiatzea eta nire burua seguruago sentitzea da, bai ikasle gisa, bai pertsona bezala. Horretarako, konpromisoa, ardura eta enpatia izango ditut bidelagun, eta nire sormena lantzen saiatuko naiz, bai ikasketa lanetan, bai nire bizitzan oro har.
Ikasturte amaieran, espero dut perfekzionismoa neurriz erabiltzen jakitea, pazientzia handiagoz jokatzea eta nire emozioak modu askeagoan adieraztea. Hala nola,lan baten emaitzak ez direnean espero bezalakoak izan, nire ahalegina baloratzea gustatuko litzaidake eta ez neure buruari hainbeste presio egitea. Halaber, nire sentimenduak lagun artean edo familiarekin lasaiago partekatzea espero dut.
Azken batean, nire helburu nagusia nire burua hobeto ezagutzea, hazten jarraitzea eta ikastea da, eta horretarako badakit nire ezaugarri pertsonalak baliabide paregabeak eta bidea egiten lagunduko didatenak izango direla.
Maitasunez,
Oraingo zu
Sign in to FutureMe
or use your email address
Create an account
or use your email address
FutureMe uses cookies, read how
Share this FutureMe letter
Copy the link to your clipboard:
Or share directly via social media:
Why is this inappropriate?